2015eko aurrekontuei aurre egin ahal izateko Oñatiko Udalak milioi bat eta 300 mila euro emango dizkio Mankomunitateari.

2015/02/17
Udalen diru ekarpena murriztu egingo da aurten.

  Debagoieneko Mankomunitatearen 2015eko aurrekontuak onartu eta alegazioetarako epea beteta, ia behin betiko izaeraz indarrean daude.

  Eskualdeko erakunde honek eskaintzen dituen zerbitzuak ordaintzeko, berau osatzen duten udalen diru ekarpena ezinbestekoa da. Aurten, ekarpen hori ehuneko 4,9 jaitsiko da bataz beste, nahiz eta aurrekontua %5,5 igo den.

 Baina udalek egin beharreko ekarpenean murrizketa ez da kasu guztietan maila berean aplikatuko. Oñatiko udalaren ekarpena bai, bataz bestekoaren kasik parean murriztuko da baina Aretxabaletaren kasuan,  murrizketa txikiagoa %1,5ekoa izango da soilik eta Antzuolaren kasuan berriz, kontrakoa, bataz bestekoaren gainetik, ia % 8koa.

  Udalek mankomunitateari eman behar dioten dirua kalkulatzeko bi aldagai erabiltzen dira. Zenbait zerbitzuren kostua, biztanle kopuruaren arabera kalkulatzen da eta beste batzuk berriz, erabiltzaile kopuruaren arabera.

  Azken urtean Oñatiko biztanleriak gora egin duen arren, zenbait zerbitzutan, erabiltzaileen kopuruak behera egin du edo gutxienik, tauletan, maila baxuago baten arabera ordainduko da. Herriko jarduera ekonomikoari begiratu behar zaio beraz, hori ulertzeko.

  Udalen diru ekarpena kalkulatzerakoan eta zenbait zerbitzuren erabilera neurtzerakoan, herrian dauden industria eta merkatal lokalak hartzen dira kontutan. Eta hauek dituzten langileen arabera mailakatzen dira. Oñatin, azken urtean, langile kopurua murriztuta, tauletan maila txikiagora pasatu diren hainbat enpresa eta denda daudenez, kontzeptu horrekiko kuota merkatu egin da.

  Guztira, Oñatiko udalak, milioi bat eta 300 mila euroko ekarpena egingo dio mankomunitateari, iaz baino ehuneko 4,9 gutxiago esan bezala. Gainontzeko udalen bataz besteko ekarpena ere maila berean gutxituko da.

  Baina Debagoieneko Mankomunitatearen aurrekontua handitu egin da aurten eta 12 miloi pasatxokoa da,iaz baino % 5,56 handiagoa.

  Aipagarria da hori bai, aurrekontu igoera hori ez dela guztiz erreala, mankomunitateko gastu arruntak eta zerbitzuetako inbertsioak nabarmen jaitsiko baitira aurten. Aurrekontu igoera hori bereziki Epeleko zabortegian eraikiko den gelaxkari dagokio. Mankomunitateak industria eta obra hondakinentzako gela hermetiko berria eraikiko baitu. Urtarrilean amaitu zen obra horren esleipenera aurkezteko epea.

Iturria: Oñati irratia

Debagoieneko Mankomunitatearen eraikina