2015-2016 master ikastaroa amaitzear dago Lege Soziologia Institutuan

2016/03/14
Card image cap
Zuzendari zientifiko berria izango dena bihar etorriko da Oñatira, Patronatuaren bilerara

  Datozenak, agurreko egunak izango dira Lege Soziologia Institutuan. 2015-2016 master ikastaroari dagokion azken kurtsoa gaur hasi da, Konstituzionalismoaren soziologia deritzona. Datorren asteartera arte luzatuko da eta ondoren, masterraren zati presentziala osatu duten zenbait ikasle etxera itzuliko dira. Master agiria eskuratu ahal izateko tesia egin behar dute. Batzuk esan bezala, jaioterrian osatuko dute lana, beste batzuk Oñatin jarraituko dute institutuak duen liburutegi aberatsean lana egiten. Irailean Oñatira itzuliko dira berriro, tesiak defendatzera.

  Master ikastaroa amaitzear dagoen arren, hurrengoa prestatzen ari dira jada Lege Soziologia Institutuan. 2016-2017 ikasturterako 22 herrialde ezberdinetako eskaerak jaso dituzte. Aipagarria da tartean ez dela euskaldunik. Dena den, izena emateko epea ez da amaitu oraindik eta alde horretatik oñatiarrei parte hartzeko gonbidapen zuzena egiten zaie Institututik, Udalak, Lege Soziologia Institutuko masterra egiten duten herritarrentzat beka ematen duela gogoratuz.

  Aste honetan bestalde, ostegun eta ostiralean, Institutuko Patronatuak bilera egingo duela eta, zuzendari zientifiko berria izango dena Oñatira etorriko da bihar. Vincenzo Ferrarik irailean hartuko du Institutuko zuzendari zientifiko kargua astean bilduko den Patronatuak berak hala erabakita. Ferrarik, harreman handia izan du betidanik Lege Soziologia Institutuarekin. Institutuaren beraren fundatzaileetako bat  izan zen eta Batzordeko partaide 1989tik 2002ra bitartean. Gainera, eskolak sarritan eman ditu Oñatin eta Lege Soziologia Institutuarekin elkarlanean, Milango Unibertsitateko Renato Treves doktorego programako sortzaile izan zen

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!