2015-2016 ikasturterako eskulan ikastaroen eskaintza gertu du Udaleko Kultura Departamentuak

2015/09/23
Izen ematea urriaren 7an irekiko den arren, informazio esku-orriak datozen egunotan banatuko dira

  Estanpazio ikastaroa da aurtengo berrikuntza nagusia. Haur eta helduei zuzenduta ikastaro bana eskaintzen da ostegun arratsaldetan. Mirari Sagarzazuk emango du. Baina estanpazio ikastaroaz gain, hari lanak, eskulan dekoratiboak, pintura eta zeramika ikastaroak ere eskainiko dira.  Azken biak ere, heldu nahiz haurrei zuzenduta. Irakatsiko den gaiaren arabera, taldeak handiagoak izan daitezken arren orokorrean, 10-12 lagunekoak izango dira. Guztira, 184 plaza eskainiko dira ikasturte honetan.

  Ikastaroaren iraupena eta ikasleen adinaren arabera, matrikula kostua ezberdina da. Prezioak ez dira igo eta iaz bezala, helduek, orokorrean, 76.50 € ordaindu beharko dute eta haur eta gaztetxoek, 56 €. Laburragoa izango den estanpazio ikastaroaren matrikula berriz, 25.50 € da. Aipagarria da, Oñatin erroldatuta dauden langabetuak matrikula ordaintzetik salbuetsita egongo direla baldin eta, langabezia prestazio ekonomikorik ez badute edo agortuta badaukate.

  Antolatu diren eskulan ikastaroak nork emango dituen, zein egun eta ordutegitan egingo diren eta zein kostu duten biltzen duen esku-orria prestatu du Kultura Departamentuak. Zenbait herritar dagoeneko galdezka hasi dela ikusita, izen ematea, jaien ondoren irekiko bada ere, aipatu informazio esku-orria orain zabaltzea erabaki da. Datorren astean zehar banatuko da herriko postontzietara. Baina gogoan izan, izen ematea urriaren 7tik 16a egin beharko dela. Aurten eskaintzen diren 184 plaza horiek baino izen gehiago jasoko balira zozketa egingo litzateke eta ondoren matrikula ordaintzeko epe berria irekiko da. Baina horiek, urriko kontuak dira. Oraingoz, informazioa banatuko da herriko etxe guztietara.

Iturria: Oñati Irratia