2014ko udal egutegiaren leloa “Oñati, euskararen arnasgunea” izango da.

2013/10/30
Herriko lokal publikoetara banatuko diren 500 ale argitaratuko dira.

  Bi hilabete pasatxo falta dira urte berria estreinatu dezagun eta gaiaz arduratzen den euskara zerbitzua hasi da jada udalak urtero argitaratzen duen egutegia gertatzen. Egutegiaren helburua herritarrak sentsibilizatzea dela kontutan hartuta Oñatik euskararen erabilera sustatzeko duen garrantzia azpimarratuko da. Oñati herri euskalduna da, euskara nagusi den gune geografikoan kokatzen dena eta egunerokoan euskararen erabilerarako baldintza egokiak dituena. Hori guztia gogoan, Oñati euskararen arnasgunea dela aldarrikatu daiteke eta horixe da hain zuzen ere, datorren urteko egutegiak zabalduko duen leloa: “Oñati, euskararen arnasgunea”.

  Aurreko urteetako ereduari jarraituz, 13 laminaz osatutako irudi bakarreko horma irudia izango da. ADAKI diseinua eta publizitatea enpresari eskatu zaio lanaren aurrekontua. Egutegiaren diseinua, maketazioa eta 500 aleren argitaratzeak 1.800 euroko kostua izango du.

  Udaleko ogasuna eta euskara batzordeen aldeko irizpenarekin tokiko gobernu batzarrak argi berdea eman dio gaiari. ADAKI enpresako teknikariak egutegiaren irudia lantzen hasiko dira berehala, leloa, esan bezala, zehaztuta baitago: Oñati, euskararen arnasgunea. Lana, urte akaberarako entregatu beharko da, Gabonen aurreko egunetan ikastetxe, denda eta lokal publikoetara banatu ahal izateko. 

Iturria: Oñati irratia

Aurreko urteetako egutegien irudiak