2014ko udal aurrekontuak, EH-BILDU taldearen botoz onartu ziren atzoko Osoko Bilkuran.

2013/12/20
Card image cap
Euzko Alderdi Jeltzaleak kontra bozkatu zuen.

Udalak, ia 16 milioi eta 964 mila euroko aurrekontua izango du datorren urtean, aurtengoa baino %3,2 handiagoa. Edo beste era batera esanda, 2013 eta 14ko aurrekontuen artean ia 526 mila  euroko igoera dago.

  Udal kontu hartzaileak aurrekontuen berri eman zuenean hainbat puntu azaldu zituen. Krisiak gurean gogor jotzen hasi zenetik seigarren urtea izango da 2014a, hala, osatu diren udal aurrekontuek, gizartearen antzera “neke ekonomikoa” islatzen dutela esan zuen. Urtero egiten duen adierazleen analisian, ia denak hobetu behar direla ondorioztatu zuen: autofinantzaketa ia osoki jaitsiko da datorren urtean eta aurrezki garbia 450 euro sinbolikokoa soilik izango da. 2014ko aurrekontuetan mailegu berria kontratatzeko aukera jaso da eta hala egingo balitz udalaren zorpetze maila igoko litzateke eta finantza zama ere handituko litzatekeela esan zuen kontu hartzaileak.

  2014an aurre ikusten diren inbertsioak gauzatzeko 2 milioi eta 335 mila euroko maileguaren beharra jaso da aurrekontuetan. Azkenean hartuko ote den eta hala izanik ere, hainbestekoa izango ote den, amaitzen ari garen 2013ko likidazioak baldintzatuko duela argitu zuen kontu hartzaileak. Inguruko herrien errealitatearekin konparatuta, Oñati egoera hobean dagoela esan zuen kontu hartzaileak. Egoera orokorra Oñatiko udalarena baino okerragoa baita. Baina denboran oso atzera egin gabe, oraingoa baino urte dexentez hobeak izan direla ere gogora ekarri zuen.

  Aurrekontuen lehen azalpen teknikoak entzunda, hauen inguruko azalpen politikoa etorri zen ondoren. Alkateak, lehenik, aurrekontuen gauzatze prozesuaren berri eman zuen eta irailean, legegintzaldi erdiaren balantzea egitetik hasi eta herritarrekin lankidetzan osatutako bidea, atzo aurkeztutako aurrekontuekin ixten zela esan zuen. Ondoren, atalez atal, 2014rako proiektu nagusiak azaldu ziren.

  Sozioekonomia arloan, enpleguaren sustapena izango da aurrekontuen zutabe nagusienetako bat Iosu Lizarraldek azaldu zuenez. Arreta soziala izango da datorren urtean indartuko den beste arlo bat. Zerbitzu arduradun bat izendatu eta gizarte laguntzaile berri bat kontratatuko da. Aldundiari eguneko zentroan 5 plaza gehiago egokitzea eskatuko zaio eta etxe tutelatuen proiektua garatu eta gauzatzen hasiko da. Alokairu sozialetara bideratutako bi etxebizitza gehiago egokituko ditu udalak.

  Lurralde antolaketa arloan, ia martxan den Mugikortasun plana gauzatzeko 200.000 euro bideratuko direla esan zuen alkateak. San Lorentzoko irisgarritasun lanekin jarraituko dela eta Errekaldeko hurrengo faseko proiektua egingo dela nahiz eta lanak, oraingoz ez diren egingo. Bestalde, Zubillaga auzoa egokitzeko lanak abian jarriko direla azaldu zuen.
Garraio publikoari dagokionean, egun bitartekoen optimizazioa sustatuko dela esan zuen eta LANBUSerako zegoen diru laguntza kenduta, aldundiaren mugikortasun planean txertatuko dela esan zuen. Herriko bi ikastetxeek autobus zerbitzua bateratzeko esperientzia ere datorren urtean probatuko dela aurreratu zuen.

  Hondakinen alorrean, egun dauden auzokonposta guneen erabilera optimizatuz, eskaera egina duten familia gehiagori parte hartzeko aukera emango zaiela esan zuen. Erreka eta inguruak garbitu eta txukuntzeko programarekin jarraituko da eta aisialdirako baratzeen proiektua martxan jarriko da. Argiteria publikoaren efizientzia energetikoa hobetzeko egitasmoari ere jarraipena emango zaio eta konkretuki udaletxearen efizientzia energetikoa hobetzeko proiektua garatuko da.

  Aisialdi hezitzaileko ekintzak gauzatzeko 36.000 euro izango dira datorren urtean. Kultura arloan, taldeen diru laguntza deialdi irekia egingo da. ETEO proiektua lantzen jarraituko da BAGARArekin elkarlanean eta musika sormen gune berria egokitzeko lanak egingo dira.

  Euskara arloan, martxan diren zenbait egitasmo indartuko dira: mintzalaguna dela, euskararen eguna edota gurasoekin hizkuntza jarrerak lantzeko ahalegina. AUZOKO programari bultzada berezia eman asmo zaio.

  Kiroletan, egungo eskaintza optimizatu eta dauden kirol gune eta baliabideen azterketa sakona egingo da. Emakumeen kirola ere bereziki sustatuko da.

  Gaztedia arloan, eginda dagoen ekintza planaren zirriborroa gazteekin kontrastatu eta garatuko da. Gainera, aisialdi lokalen gaiari helduko zaio parte hartzen duen agente guztiekin elkar lanean.

  Berdintasun arloan, ikastetxeetan eta udal teknikariekin egiten ari den formakuntzarekin jarraituko da. Eta migrazioaren inguruan, berriz, aniztasunari buruzko azterlana garatuko da.

  Horiek guztiak esan bezala, gobernu taldeak 2014ko aurrekontuetan jaso dituen proiektuak laburbilduta.

  Bilduko zinegotziek beren azalpenak eman ondoren, Lourdes Idoiagak, oposiziotik egindako eskaera eta ekarpenen berri eman zuen, onartuta, zenbait kasutan kontutan hartu direla eta beste batzuetan baztertu egin direla. Horretxegatik, beren eskaera guztiak onartu ez zirelako eta bereziki bi puntutan ados ez zeudelako, EAJk ezetza bozkatuko zuela aurreratu zuen Idoiagak. Hondakinen tasak bigarren urtez izoztearekin ados ez zeudela esan zuen jeltzaleen bozeramaleak. Tasak ez igotzearen ondorioz, udalak,  2013 eta 2014an kasik 460 mila euroko ordainketa bere gain hartu beharko duela azaldu zuen.

  Jeltzaleen ezezkoa azaltzerakoan, Oñatik Ur jauziak enpresaren fondoa erabili izana ere aipatu zuen. Udal enpresa honen dibidendo eta kapital itzulketatik sortu den poltsatik, aurten 300 mila euro eta 2014an beste 500.000 sarrera extraordinario moduan hartu izana ez du egokitzat jotzen EAJ. Guzti horrengatik, esan bezala, atzokoan ezezkoa eman zioten gobernuak egindako aurrekontu proposamenari.

  Baina 2014ko diru kontuak aurrera egin zuten. Azkenean, beraz, Oñatiko Udalak, ia 16 milioi eta 964 mila euroko aurrekontua izango du datorren urtean, aurtengoa baino %3,2 handiagoa. Edo beste era batera esanda, 2013 eta 14ko aurrekontuen artean ia 526 mila euroko igoera dago.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!