2012ko udalaren lan eskaintza publikoa gauzatu ala ez erabakiko da hurrengo Osoko Bilkuran.

2012/09/10
Lau lanpostu betetzeko hautatze prozesuak abiatu dira baina estatuko gobernuak, aurten kontratazio berririk egitea galarazi zuen.

  Lau dira hain zuzen udalak aurtengo lan eskaintza publikoan kaleratu zituen lanpostuak: euskara teknikaria eta udal brigada osatzeko igeltsero pioia eta igeltsero eta argiteria ofizial bana.

  Lan eskaintza publikoa iazko abenduan onartu zen arren, lanpostu bakoitza betetzeko deialdiak ondorengo hilabeteetan kaleratzen joan dira. Une honetan, hautagaitza prozesuak lehen fasean daude, hau da, interesa izan duten hautagaien eskaerak jaso dira.

 Baina tartean, estatuko gobernuak onartu dituen murrizketa neurrien artean, administrazioan kontratazio berriak egitea debekatu da. Debekuak, 2012ko lan eskaintza publikoei eragiten die, kasu honetan Oñatikoari zuzen zuzenean.

  Udalak hautaketa prozesuekin aurrera egingo balu Madrilgo erabakiaren kontra joko lukeela jakinaraziz txostena aurkeztu zuen udaleko antolakuntza eta giza baliabideen teknikariak. Eta honen haritik, kontu hartzaileak ere erreparo-txostenaren berri eman zuen azken tokiko gobernu batzarrean. Erreparo txosten horretan “kalte ordainak” ere aipatzen dira. Alegia, udalak aurrera egin eta gerora prozesua bertan behera uztera behartuko balitz hautagaiek eskatu ditzaketen “kalte ordainak”.

  Gaia airean dago eta erabakia “politikoa” izango da. Udalbatzak erabaki beharko du Madrilgo debekuei entzungor eginez langile berriak kontratatzen dituen ala, kasu egin eta hautaketa prozesuak bertan behera uzten dituen. Erabakia, iraileko Osoko Bilkuran hartuko dela aurreratu digu Iosu Lizarraldek, partaidetza, barne antolamendu eta komunikazioa batzordeko buruak.

  Ekaina-uztaila artean martxan jarri ziren lau hautaketa prozesuak etenik, “in pas” batean daude une honetan. Inork kalte ordainik eskatzeko biderik izan ez dezan oraindik ez dira azterketetarako onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenak publikatu. Ez publikatu eta egin ere ez.