2002an jaiotako 75 neska eta mutil irtengo dira kintto-batzea egitera

2020/01/31
Domekan, santa-eskean herri gunean ibiliko dira eta hurrengo zapatuan, auzoetan

  Kandelario egunarekin etorriko da aurten kinttoen lehen erronda, domekan, herriko kaleetan ibiliko baitira kopla kantari. Hurrengo larunbatean, hilaren 8an, berriz, baserri auzoetatik barrena arituko dira santa-eskean.

  Kintto-batzea adin bereko neska-mutilek elkarrekin egiten dute, aspalditik, jatorrian, kajan sartu eta soldaduskara joateko bidean zeuden mutilek bakarrik egiten zuten arren. Santa Ageda inguruko kintto batzeak gainera, amaierako ekintzak dira, nolabait esanda, 2020an 18 urte beteko dituzten kintto hauentzat, aurrez, dantzari irten baitziren danborradan, iazko irailaren 28an.

  Datozen bi asteburu hauetan 2002an jaiotako 75 bat lagun irtengo dira kintto batzera. Ohikoa denez, azken asteak eman dituzte santa-eskean kantatzen diren koplak, abestiak ikasten. Domekan, plazan elkartuko dira, 9:00tan, eta talde argazkia atera ondoren Errekaldetik abiatuko dute eguneko erronda. San Lorentzo, Ugarkalde eta Olakua etxaldeak pasako dituzte lehen ordutan eta herri gunerantz hurbilduko dira.  Amaitzeko, San Juan kalea eta kale Zaharra nahiz Kanpantxo zeharkatuko dituzte. Kinttoek elkarrekin bazkalduko dute.

  Hurrengo zapatuan, otsailaren 8an, auzoetatik barrena ibiliko dira kinttoak santa-eskean.

Iturria: Oñati Irratia