2001ean jaiotako 95 neska eta mutil irtengo dira kintto-batzea egitera

2019/02/01
Domekan, santa-eskean herri gunean ibiliko dira eta hurrengo zapatuan, auzoetan

  San Blas egunarekin etorriko da aurten kinttoen lehen erronda, domekan, herriko kaleetan ibiliko baitira kopla kantari. Hurrengo zapatuan, hilaren 9an, berriz,  baserri auzoetatik barrena arituko dira santa-eskean.

  Kinttoak esanda urte berean jaiotakoak ulertu behar dira, mutil eta neskak. Garai batean, soldaduskarako kajan sartzen ziren mutilak ziren Santa Ageda egunaren inguruan kale eta auzoetatik ibiltzen zirenak. Gaur egun derrigorrezko soldadutza desagertu da baina herriko kintoek ohiturari eusten diote. 2001ean jaiotakoei tokatzen zaie aurten. 95en bat lagun izango dira. Ohikoa denez azken asteak eman dituzte santa-eskean kantatzen diren koplak, abestiak ikasten. Orain arte egindako lana datozen bi asteburuotan ikusi eta bereziki entzun ahal izango dugu.

  Domekan, 2001ean jaiotako  kinttoak herri gunetik ibiliko dira santa-eskean. Horretarako zita 8:00etan egin dute Errekalden eta handik abiatuko dute eguneko erronda. San Lorentzo, Ugarkalde eta Olakuara joango dira lehenik eta ondoren, San Martin aldera. Handik plazarantz abiatuko dira bidean dauden kaleak zeharkatuz. Amaitzeko, San Juan kalea eta Kale zaharra nahiz Kanpantxo zeharkatuko dituzte. Kinttoek elkarrekin bazkalduko dute.

  Hurrengo zapatuan, otsailaren 9an, auzoetatik barrena ibiliko dira kinttoak santa-eskean.

Iturria: Oñati Irratia

2013ko kintto taldea