20 eskera berri jaso dira "bertakoen" guneetan aparkatzeko txartelak eskuratzeko

2017/10/30
Bihar amaitzen da txartel berria eskatu edo aurtengoari baja emateko epea

  Araututako aparkalekuen udal ordenantza beteaz, Bertakoak txartel berriak eskuratu edo lehengoei baja emateko hilabeteko epea eman du udalak. Epe hori bihar beteko da. Orain arte inork ez du bajarik eman eta 20 lagunek txartel berria eskatu dute, 10 Kale zaharra ingurukoak dira eta beste 10 Bidebarrieta kale ingurukoak.

  Deialdi honetan kale berrietara zabaldu da bertakoen guneetan aparkatzeko txartela eskatu dezaketenak:  5. gunean, Kale Zaharrean 1etik 30era eta 48ra arteko bikoitietan erroldatutakoek, San Anton, Aita Madina, Aita Mortara, Foruen enparantza, Portu kale, Unibertsitat etorbidea, Maiatzaren 1a eta orain estreinakoz, Bakardadeko Ama eta Zumeltzegi kaleetan ere erroldatutakoek eskatu dezakete txartela. 6. gunean berriz, Bidebarrieta, Zubibarri, Motxon, Atzeko kalea, Kale Barria eta Errementari plazakoez gain Ramon Irizar kalean erroldatutakoek ere eskatu dezakete bertakoen gunean aparkatzeko txartela.

  2018an erabilgarri izango den txartel berria eskuratu nahi dutenek, eskaerarekin batera baimendu nahi den autoaren zirkulazio agiriaren kopia aurkeztu behar dute. Bertakoen gunean  aparkatzeko txartelari uko egin nahi diotenek ere, horren berri eman behar diote udalari gaur edo bihar. Alta eta bajetarako epea, esan bezala, bihar amaitzen baita. Ezer esaten ez dutenek, jarraitu nahi dutela ulertuko da eta automatikoki berrituko zaie aparkatzeko txartela. Datorren urtean,  otsaila-martxo inguruan, 2018ari dagokion tasa kobratuko zaie.

  Bihar, baja eta alta emateko eskaera epea amaituta, eta egin beharreko egiaztapenak egin ondoren, 2018ko urterako onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda osatuko da. Hori argitaratuta, ez da aldaketa gehiago onartuko hurrengo urtera arte.

Iturria: Oñati Irratia

Bertakoen aparkatze gunea Errementari plazan