20.000 €ko diru laguntza emango dio Udalak Txanda Elkarteari 2016ko ekintza plana gauzatzeko

2016/03/22
Diru-laguntza urteko ekintzen txostena eta likidazioa aurkeztutakoan ordainduko da

  Txanda Dendarien Elkarteak urtean zehar garatzen dituen ekintzak gauzatu ahal izateko Udalaren diru laguntza jaso du urtero. Orain arte ordea, diru-laguntzaren zenbatekoa ez zen aurrez zehazten eta elkarteak izandako gastu eta diru sarreren arabera, sortzen zen defizita estaltzen zuen Udalak. Aurrerantzean, urteko diru laguntza zehaztea erabaki da. Zehaztu eta mugatu ere bai. Udalak, muga horretatik gorako gastuak ez baititu estaliko. Txanda dendarien elkartearekin hala egitea adostu da eta 2016an, 20.000 euroko diru laguntza ematea agindu du Udalak.

  Txanda elkarteak  hainbat ekintza egitea aurreikusten du aurten: Txanda eguna, outlet ekintzak, bezeroen fidelizazio kanpaina, Gabonetako kanpaina berezia eta dendariei zuzendutako formakuntza eta prestakuntza ikastaroak, besteak beste. Udalak ontzat eman ditu eta horiek diruz babestea erabaki du, esan bezala. Hala ere, orain onartu den 20.000 €ko diru laguntza ez da orain ordainduko. Txanda elkarteak urte amaieran ekintzen memoria eta gastuen justifikazioa aurkeztu ostean ordainduko baita.

Iturria: Oñati Irratia