2 langabe gutxiago daude Oñatin

2021/03/02
Emakumeen langabeziak egin du behera

  Ez da alde handirik urtarrila eta otsaila arteko datuetan, bi langaberen aldea besterik ez, baina garrantzitsua joera da eta kasu honetan hartu duen beheranzko joera. Urtarrila berez hilabete zaila izan ohi da enplegu sorrerari dagokionez, eta langabezia handitu egin ohi du Gabonetako kanpaina amaieragatik. Hala ikusi genuen Oñatin, lau langabe gehiago zenbatuta, baina joera aldatu egin da, eta otsailean bi langabe gutxiago erregistratu dira gurean. Orain ikusi egin beharko da martxoan jarraipenik duen.

  Gurean izan den langabezia murrizketa hori emakumeen artean eman da, urtarrilean baino gizon langabe bat gehiago baitago orain. Eta bereziki 45 urtetik gorako emakumeen artean egin du behera langabeen kopuruak azken hilabete honetan Oñatin.

  Orokorrean, 407 langabe daude une honetan gurean eta langabezia tasa % 7,48 da. Iazko otsaileko datuekin konparatuta aldea handiagoa da, orain urtebete 53 langabe gutxiago zeuden eta langabezia tasa ia puntu bat beherago zegoen, % 6,51 zelarik.

  Ikusmira zabalduta, otsailean 441 langabe gutxiago zenbatu zituen SEPE Espainiako Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak Hego Euskal Herrian, eta, guztira, 172.014 pertsona daude izena emanda enplegu bulegoetan.

Iturria: Oñati Irratia