1999an jaiotako 85 neska-mutil irtengo dira kintto batzea egitera

2017/02/03
Domekan, herri gunean ibiliko dira santa eskean eta hurrengo zapatuan, auzoetan

  Santa Ageda egunarekin bat etorriko da aurten kinttoen lehen erronda, domekan, herriko kaleetan ibiliko baitira kopla-kantari. Hurrengo zapatuan, hilaren 11n, berriz,  baserri auzoetatik barrena arituko dira santa eskean. Kinttoak esanda urte berean jaiotakoak ulertu behar da, mutil eta neskak. Garai batean, soldaduskarako kajan sartzen ziren mutilak ziren Santa Ageda egunaren inguruan kale eta auzoetatik ibiltzen zirenak. Gaur egun derrigorrezko soldadutza desagertu da baina herriko kinttoek ohiturari eusten diote. 1999an jaiotakoei tokatzen zaie aurten. 85 lagun izango dira.

  Ohikoa denez azken asteak eman dituzte santa eskean kantatzen diren koplak, abestiak ikasten. Ilusio handiarekin daudela esan digute. Orain arte egindako lana datozen bi  asteburutan ikusi eta bereziki entzun ahal izango dugu. Domekan, 1999an jaiotako  kinttoak herri gunetik ibiliko dira santa eskean. Horretarako hitzordua 8:00etan egin dute plazan eta handik abiatuko dute eguneko erronda. Portu kaletik Errekaldera joango dira eta San Lorentzo, Ugarkalde eta Olakuan barrena ibili ondoren, San Martina igoko dira eta handik,  plazarantz abiatuko dira berriro, bidean dauden kaleak zeharkatuz. Amaitzeko, San Juan kalea eta Kale Zaharra nahiz Kanpantxo zeharkatuko dituzte. Kinttoek elkarrekin bazkalduko dute. Hori, domekarako plana da. Hurrengo zapatuan, otsailaren 11an auzoetatik barrena ibiliko dira santa-eskean.

Iturria: Oñati Irratia

2014ko kinttoak