168 lagunek parte hartu dute Gaztelekuak eta bertso eskolak antolatutako VI. bertso paper lehiaketan.

2015/01/21
Sariak, ostiralean banatuko dira.

  Aipagarria da bertso paper lehiaketak aurten izan duen partaidetza igoera, iaz baino 49 lan gehiago jaso baitira, eta igoera hau, bereziki DBH eta batxilergoko ikasleen taldean gertatu da. Izan ere, lehiaketa, 10 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendu da eta adinaren arabera bi talde berezitu dira: lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailakoak batetik eta bigarren hezkuntzakoak bestetik.

  Kategoria bakoitzean egin beharreko lana ezberdina izan da eta sari kopurua ere ezberdina izango da: Gaztetxoenen kategorian, 5 sari emango dira eta nagusienen kasuan, hiru.

  Saridun guztiek ikasmaterialetan gastatzeko txartelak eta bertsolaritzarekin lotutako sari sorpresa jasoko dute. Sari banaketa ekitaldian, Amets Arzallus Euskal Herriko txapeldunak parte hartuko du.

  Epai mahaia, bertso eskolako 8 lagunek osatu dute. Aurten lan handia izan dutela aitortu dute lan asko eta maila handikoak jaso baitituzte. Baina hautaketa eginda dago eta  hauexek dira saritu direnak:

Lehen Hezkuntzakoen sailean:

  • Lehenengo saria: Unai Prietok jasoko du.
  • 2.a Jon Maiztegik
  • 3.a Ousmane Bah-k
  • 4.a Ane Kortabarriak
  • Eta 5.a Maddi Altolagirre eta Paula Polok

  Lehena, Urgain Errekaldekoa, bosgarrenak,  Elkar Hezikoak eta gainontzekoak Txantxiku Ikastolako ikasleak dira.

  DBH – Batxilego sailean berriz, 1go saria Malen Osak eskuratuko du, bigarrena, Haritz Olaetak eta hirugarrena, Urko Arregik. Kasu honetan, ikastetxe bakoitzeko ikasle bana saritu da.

  Aipatutako lagun guztiek, sariak, etzi, ostiralez, Gaztelekuan egingo den ekitaldian jasoko dute. Sari banaketa, arratsaldeko 6etan hasiko da eta bertan partaide, aipatu bezala, Amets Arzallus bertsolari txapelduna izango da.

Iturria: Oñati irratia

VI. Bertso-paper lehiaketako kartela