16,6 milioi euroko aurrekontua onartu du udalbatzak 2021erako, aurtengoa baino % 3,5 txikiagoa

2020/12/19
Card image cap
EH Bilduk alde bozkatu zuen eta EAJ abstenitu egin zen

  Datorren urteko aurrekontuen lehen azalpena udaleko kontu-hartzaileak eman zuen osteguneko Osoko Bilkuran. Sarrerak eta gastuak parean dituen 16.602.383 euroko aurrekontua dela esan zuen, aurtengoa baino % 3,53 txikiagoa. Diru-sarrerei dagokienez, transferentzia arrunten kapitulua kasik % 5 jaitsiko da, nagusiki udalen finantzaketarako foru funtsaren jaitsieragatik, aurten baino 595.000 euro gutxiago iritsiko baitira Donostiatik. Aurrekontua orekatzeko 450.000 euroko mailegu berria hartzeko aukera aurreikusita badago ere, 2020ko aurrekontuen likidazioa egin osten akaso ez da horren beharrik izango, kontu-hartzailearen hitzetan. Urtero egiten duen adierazleen balorazioan, aurrezki arrunt garbia positiboa izatea azpimarratu zuen, krisi garaian ez baita erraza izaten. Departamentu guztiek gastu-euste lan handia egin dutelako lortu dela esan zuen, bai 2008an izan zen krisi gogorraren ondoren eta baita orain ere, pandemiak jo duenean. Udaleko zorpetze maila % 5,23 izango da datorren urteko aurrekontuen arabera, aurten baino puntu eta erdi baxuagoa.

  Izaro Elorza alkateak 2021eko aurrekontuen ezaugarri nagusiak errepasatu zituen eta Covid-19ak guztiz baldintzatutako aurrekontuak direla azpimarratu zuen. Inbertsioetarako 1,2 milioi euro izango direla aurreratu zuen alkateak: Azkoagaineko eta Lezesarri auzoko irisgarritasuna hobetzera 165.000 euro zuzenduko dira; Garibai auzorako sarbidea hobetzeko lanetara 91.000, jubilatuen etxean hobekuntzak egiteko, 15.000; kiroldegi aurrealdea egokitzeko, 30.000; San Martingo haur parkea berritzeko, 15.000; Musika eskolako proiektua egiteko, 15.000 eta hezkuntza eraikinak hobetzeko, 43.400 euro, besteak beste.

  Departamentuka, sozioekonomia, kirola eta kultura departamentuek aurten baino diru gehiago izango dute 2021ean. Gainontzeko departamentuetan murrizketak izango dituzte, orokorrean, nahiz eta proiektu konkretuetarako diru partidak jaso diren. Hala, une zail honetan, egoera zaurgarrienean egon daitezkeen herritarren babeserako diru partidak mantendu ez ezik jaso egingo dira: gizarte larrialdietarako dirulaguntzak %21 jasoko dira eta merkataritza eta ostalaritzari laguntzeko bonoen plataforma digitalean 30.000 euroko dotazio berria egingo da.

  EAJk 16 emendakin egin zizkion gobernu taldearen aurrekontu proposamenari. Ainhoa Galdos bozeramaleak emendakinak laburbildu zituen: Olakua- Olapoto  auzoko irisgarritasun lanetan aurrera egitea; Azkoagaineko irisgarritasun hobetzea; Arantzazuko komunak konpontzea; landa auzoetako argiteria hobetzea, Murgixa eta Berezao auzoei lehentasuna emanez; San Martingo hariztia egokitzea; Urrutxuko zabortegi zaharra iragazgaitzeko exekuzio proiektuaren 2.fasea; ikastetxetako liburutegiak hornitzen laguntzeko diru-lerroa; Kultur-etxean azterketa garaian gelak zabaltzea; Kultura Saria sortzea; Musika eskolaren proiektua lantzea; Oñati Euskadi lagunkoia mugimenduak sustatzen duen programara atxikitzea; kontsumoen eta adikzioen diagnostikoa eta Prebenitzeko Plana egitea; Bizikidetza Ordenantza osatzea, parte-hartze prozesu baten bidez; baserriko produktuen salmenta digitala sustatzeko proiektua landu; merkataritza eta ostalaritzaren digitalizaziorako formakuntza programa eta tokiko merkataritzaren balioa nabarmentzeko kanpainak eta ekintzak garatzea.

  16 emendakinetatik 4 gobernu taldeak jasota zeuzkan aurrekontu proposamenean (Urrutxuko zabortegiarena, musika eskolarena, kontsumo eta adikzioena eta landa auzoetako argiteriarena) eta beste 5 martxan dira egun eta jarraitzeko asmoa dago. Gainerako emendakinak, 2020ko aurrekontuen likidazioa egindakoan kontuan hartuak izatea eskatu zuen EAJk.

  2021eko aurrekontuak bozkatzerakoan EAJk abstentziora jo zuen eta EH Bilduk alde bozkatu zuen, gehiengoz onartuz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!