15 hautagai onartu dira kiroldegiko mantenu teknikari plazarako

2019/07/22
Lehen azterketa bihar izango da, 11:00tan, euskaltegian

  Erreklamazioetarako epea beteta, gaur argitaratu dira kiroldegiko mantenu teknikari plazarako onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak. Udaletxeko iragarki taulan eta web atarian ikusgai daude. Udal plantillan hutsik dagoen kiroldegiko mantenu teknikari plaza betetzeko deialdira 17 hautagai presentatu ziren baina bi baztertu egin dira, eskatutako titulazioa ez akreditatzeagatik. Gainontzeko 15ek bihar izango dute lehen azterketa.

  Lanpostu deialdiarekin batera argitaratu zen gai komunei buruzko azterketa egingo da bihar. Administrazio publikoa, legedia eta datuen babesari buruzko ariketa 11:00tan hasiko da Udal euskaltegian, Bidebarrieta kaleko 18an.

  Kiroldegiko mantenu teknikari plaza betetzeko azterketaldian beste bizpahiru ariketa gainditu beharko dituzte hautagaiek: bete beharreko lanei dagozkien azterketa teorikoa eta praktikoa, eta eskatzen den 2. euskara maila agiri bidez egiaztatu ez dutenek egin beharko duten hizkuntza azterketa.

  Lehiaketa fasean berriz, agiri bidez egiaztatutako lan esperientzia eta formazio osagarria baloratuko zaie azterketaldia gainditzen dutenei.

Iturria: Oñati Irratia