14 saltzaile izango dira bihar berdura azokan

2020/03/27
Kiroldegiko kantxa urdinean egingo da berriro, pasa den asteko baldintza berberetan

  Cruz eta Vesga fruta saltzaileak, Morillo bakailao-saltzailea, Calvo pasta saltzailea, Ortega kontserben saltzailea, ogi ekologikoa egiten duten Naiara Uriarte, Maialen Madina eta Josu Iñarra gazta ekoizleak, ozpinartekoak dakartzan Blanco, Fernandez de Barrena patata saltzailea eta barazkiak ekoizten dituzte Gaizka Olabarrieta eta Ortuzabala eta Elkarzabal taldekoak izango dira biharko azokan, postu banarekin.

  Berdura azoka kiroldegiko kantxa urdinean egingo da, pasa den astean bezala, orduan zehaztu ziren higiene eta osasun baldintza berberetan. Ekoizle-saltzaile eta erosleentzako babes neurri bereziak hartuko dira Koronabirus gaitzak eraginda.
Haurrak, 70 urtetik gorakoak eta arrisku taldeko pertsonak ezin izango dira azokara joan ez saltzaile ez erosle moduan.

  Saltzaileek eskularruak eraman eta derrigorrean erabili beharko dituzte. Salmenta postuetan bi mahai egongo dira, bat eroslea eta saltzailearen artean, hutsik, erositako produktuak emateko; eta bestea, saltzailearen atzean elikagaiak gordetzeko. Izan ere, elikagaiak ez baitira eroslearentzat eskuragarri izango. Mahaiak garbi egon beharko dira, uneoro eta saltzaileak aurrez egokitu zaion lekuan jarri beharko du. Zama lanak egiteko segurtasun neurriak gorde beharko dira.

  Erosleei dagokienean, bakarka joan beharko dute eta zerbitzua ere horrela, bakarka eskainiko zaie, itxaroten ari diren bezeroen artean metro eta erdiko distantzia gorde beharko delarik. Kirol kantxara sartu aurretik eskuak garbitu beharko dituzte eta generoa ukitzea debekatuta izango dute.

  Zubikoako kantxa urdinean egingo den asteko azokak sarrera bakarra izango du eta irteera ere berezituta egongo da.
Azoka 8:00tan irekiko da eta 13:30tan itxiko da, 14:00etarako herritar guztiek kanpoan egon beharko dute.

Iturria: Oñati Irratia

Azokara sartzeko ilara sortu zen pasa den zapatuan