14 lagun onartu dira Informatikako laguntzaile lan poltsarako

2019/11/29
Baztertu diren biek, hiru eguneko epea dute eskatutako dokumentazioa aurkezteko

  Atzo argitaratu ziren Informatikako laguntzaile lan poltsa osatzeko onartu eta baztertuen behin behineko zerrendak. Guztira 16 lagun aurkeztu ziren baina bi prozesutik kanpo utzi dira Nortasun Agiririaren kopia ez aurkezteagatik. Dena den, eskatutako dokumentazioa osatzeko hiru eguneko epea eman zaie.

  Onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak argitaratuta lehenbailehen hasi nahi da hautaketa prozesua. Izan ere, udaleko informatika departamentua hanka motz dago, hilabeteak pasa baitira aurreko laguntzaileak lanpostua utzi zuenetik. Lan poltsarako hautagaiek azterketa teoriko-praktikoa gainditu beharko dute eta euskara maila agiri bidez egiaztatu ez dutenek, euskara azterketa ere egin beharko dute. 3. Hizkuntza Eskakizunaren pareko euskara maila egiaztatu beharko dute.

  Udaleko sare eta informazio sistemen funtzionamendu egokia bermatu, egunerokotasunak sortutako arazoak konpondu eta ahal den heinean, horiei aurre konponbidea ematen saiatzea izango da Informatika laguntzailearen eginkizun nagusia. Zeregin horietan informatikariari lagundu beharko dio.

  Argitaratu berri diren onartu eta baztertuen behin behineko zerrendak udaletxeko iragarki taulan eta udal web atarian ikusi daitezke.

  Sortzen diren aldi-baterako beharrei aurre egiteko Informatikako teknikari laguntzaile lan poltsa eratuko du udalak.

Iturria: Oñati Irratia