13 oñatiarrek parte hartuko dute asteburuan Lourdesera egingo den Gipuzkoako gaixoen erromesaldian

2015/05/20
Larunbata izango da peregrinazioaren egun nagusia.

  Gipuzkoako gaixoen erromesaldiak lau egun iraungo ditu, ostiraletik astelehenera. Baina aurten, aspaldiko peregrinazio talde txikiena bilduko da, igandeko udal eta foru hauteskundeek nonbait, lagun asko atzera bota baitituzte. Bai Oñatitik baita Gipuzkoako beste herrietatik ere, joango diren gaixoak azken urteetan baino dexentez gutxiago izango dira.

  Oñatiko erromesaldian 3 gaixok eta 10 laguntzailek parte hartuko dute. Hauek, ostiralean, goizeko 9.30tan hartuko dute autobusa, postetxe aurrealdeko geltokian edo Bidaurretan. Gaixoei laguntzen doazen Oñatiko bolondresek bertako gaixoak zaindu ez ezik, Arrasatetik, Aita Mennitik doazenen zaintza ere bere gain hartuko dute, bai behintzat, Lourdeserako bidaian. Arrasate, Bergara eta Oñatiko lagunak autobus berean joango dira.

  Zapatu eta domekako joan etorria egiteko berriz, inork ez du izenik eman, ondorioz, ez da asteburuko bidaia antolatu.

  Gipuzkoatik ohikoa baino gaixo gutxiagok parte hartuko dute aurtengo peregrinazioan. Normalean, 300 bat gaixo elkartzen dira eta aurten, 200 pasa besterik ez dira izango. Kopuruz txikiagoa izango den arren, betiko egitaraua beteko da. Gipuzkoako gaixoen erromesaldiak lau egun iraungo ditu eta ospakizun nagusiak, larunbatean, Gipuzkoako egunean egingo dira. Egun horretan Jose Inazio Munilla gotzainak ospatuko du elizkizun nagusia.

  Peregrinazioari buruzko xehetasunak eta azken oharrak, bihar arratsaldean, Parrokian izango den elizkizunaren amaieran emango dira.

Iturria: Oñati Irratia

Gipuzkoako gaixoen erromesaldia Lourdesa