13 lan aurkeztu dira San Migel jaietako programaren azala irudikatzeko lehiaketara.

2013/07/16
Guztiak ikusgai eta bozketagai jarri dira kultur etxeko harreran. Ostiral arratsaldera arte gustukoena hautatzeko aukera izango dugu herritarrok.

  Hori da aurtengo lehiaketak duen berrikuntzetako bat, lan saritua, herritarrok aukeratuko dugula. Horretarako, aurkeztu diren 13 lanak kultur etxeko harreran ikusgai jarri dira eta bertaratzen direnek, gehien gustatu zaienaren alde botoa emateko aukera izango dute ostiralera arte. Hori bai, pertsona bakoitzak boto bakarra eman ahal izango du. Kontaketa egiterakoan pertsona berak boto bat baino gehiago eman duela antzematen bada ez da bat bera ere kontuan hartuko.

  Ostiralera arte dago, esan bezala, lanak ikusi eta botoa emateko aukera Kultur Etxean, goizez, 10etatik ordu batera eta arratsaldez 5etatik 8etara.

  Herritarren botoz aukeratzen den irudia izango da irailean kaleratuko den jai egitarauaren azalean agertuko den lana eta egileak, 500 euroko saria eskuratuko du. 

  Jende agirian jarri diren lanak, 18 urtez gorakoen kategorian aurkeztu direnak dira. Gogoratu, aurten, lehiaketa hau edonongo artistei zabaldu dela. Aldi berean, eta haurren partaidetza sustatu asmoz, 18 urtez azpiko oñatiarrei zuzenduta irudi lehiaketa ere egin da. Atal honetan 6 lan aurkeztu dira.

  Horiek ez dira ikusgai jarri baina saria izan izango dute. Kasu honetan, epai mahaia, arte plastikoetan aditua direnek osatuko dute eta aukeratutako lanaren egileak, bere adinari egokitutako oparia jasoko du. Gaztetxoen lan saritu hori ere argitaratu egingo da, nahiz eta ez den jai programaren azalean agertuko.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!