13 lagunek eman dute izena euskaltegiko irakasle izateko

2018/04/26
Card image cap
Hautaketa prozesura aurkezteko epea bihar amaitzen da

  Euskaltegirako irakasle bat kontratatu eta lan poltsa osatzeko deialdia egin du udalak.  Zatitako erretiroa eskatu duen langile baten lanaldia osatzeko irakaslea kontratatuko da. Langile berriari errelebo kontratua egingo zaio.  Bide batez, hautaketa prozesua gainditzen duten lagunekin lan poltsa osatuko da, sortu daitezkeen beharrei erantzun ahal izateko.

  Euskaltegiko irakasle lanpostu honetara aurkezteko, diplomatura, lizentziatura edo graduren bat izan eta C2 euskara-maila edukitzea eskatzen da. Euskara maila agiri bidez egiaztatzen ez dutenek oposizioaldian egingo den azterketa gaindituz erakutsi beharko dute. Beste bi azterketa ere izango dituzte, deialdian zehaztu den gaitegia oinarri hartuta iritzi artikulua idatzi beharko dute, helduen euskalduntzearen metodologia kontuan hartuta eta elkarrizketa pertsonala. Lehiaketa fasean berriz, azterketaldia gainditzen duten hautagaien lan esperientzia, formazio osagarria eta egindako argitalpenak baloratuko dira. Puntuaziorik altuena lortzen duen hautagaiari errelebo kontratua eskainiko zaio eta gainontzekoekin lan poltsa osatuko da, aldian-aldian sortu daitezkeen beharretarako.

  Orain arte, 13 lagun aurkeztu dira euskaltegiko irakasle izateko. Baina gehiago izan daitezke, horretarako epea, bihar, 14:00tan amaitzen baita. Deialdi honi buruzko baldintza eta oinarriak, udaleko web atarian, www.oñati.eus atarian ikus daitezke.

  Euskaltegiko langileak euskara klaseak eman beharko ditu Euskaltegian bertan, edo sortutako talde eta premien arabera, beste tokiren batetan; eskolak programatu eta prestatu beharko ditu horretarako egokienak diren irizpide pedagogikoen arabera; ikasleen ebaluaketa jarraitua egin beharko du; ikasturtearen antolaketan parte hartuko du eta material didaktikoa moldatu, sortu, antolatu eta sailkatu beharko du, besteak beste.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!