13 herritar hautatu dira balizko herri epaimahaikide izateko

2016/10/24
Card image cap
2018ko amaierara arte izan daitezkeen epaiketetan aritzeko deia jaso dezakete

  Udaletxeko iragarki taulan ikusgai dago herri epaimahaikide izateko izendapena jaso duten herritarren zerrenda. Zerrendan, adin ezberdineko 7 emakume eta 6 gizonezko agertzen dira. Izendapena lurralde epaitegitan egiten den zozketa publiko bidez egiten da. Hautagaiei izendapenaren berri emateaz bat, udal bakoitzari bere herrikideen zerrenda jende-agirian jartzea eskatzen zaio eta hala mantenduko da urria amaierara arte, epe hori baitago alegazioak aurkezteko.

  Herri epai mahaikide izatea derrigorrez bete behar da. Baina badira zeregin horretatik libratzeko hainbat arrazoi: 65 urte baino gehiago izatea, azken lau urteetan herri epaimahairen batean parte hartu izana, familia karga gogorrak izatea, ordezka-gaitzak diren lanpostuetan aritzea, atzerrian bizitzen egotea edota epaimahaikide izateko ezintasun larriren bat izatea. Halako kasuan daudenek alegazioa aurkeztu dezakete.

  Orain osatu den hautagai zerrenda horrek 2018. urte amaierara arteko indarraldia du. Horrek esanahi ditu, tarte horretan, Gipuzkoan, herri epaimahai edo jurado batek epaitutako kausarik badago, partaide izateko deia jaso dezaketela.  Herri epaimahaiek, epaituak errudun diren ala ez ebatzi behar dute eta bete beharreko zigor edo sententzia epaiketa zuzentzen duen epaile profesionalak zehazten du.

  Urteak dira jada, Espainiar estatuan herri epaimahaiak indarrean sartu zirela eta legeak berak arautzen du zein kasu epaitu ditzaketen: homizidioak, mehatxuak, laguntza ukatzen den kasuak, basosuteak, diru publikoa alferrik gastatzea, iruzur edota funtzionariek debekatuta dituzten negoziazio kasuak dira herri epaimahai edo jurado baten bitartez epaitu daitezkeenak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!