129 lagunek parte hartu dute Gaztelekuak eta bertso eskolak antolatutako VIII. bertso paper lehiaketan

2017/02/08
Sariak, igandean banatuko dira

  Gaztelekuko bertso paper lehiaketa 10 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta adinaren arabera bi talde bereizten dira: lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailakoak batetik eta bigarren hezkuntzakoak bestetik. Lehen Hezkuntzakoek, 99 lan aurkeztu dituzte aurten eta DBH eta batxilergokoek, 30.

  Kategoria bakoitzean egin beharreko lana ezberdina izan da eta sari kopurua ere ezberdina izango da: gaztetxoenen kategorian, bost sari emango dira eta nagusienen kasuan, hiru. Saridun guztiek ikasmaterialetan gastatzeko txartelak eta herriko artisauen produktuak jasoko dituzte. Baina aurten lehen aldiz, partaide guztiek sari txiki bat izango dute.

  Domekan, 17:00etan hasiko den sari banaketa ekitaldian Uxue Alberdi bertsolariak parte hartuko du. Ondoren, Gaztelekura hurbiltzen diren guztientzako merienda eskainiko da eta arratsaldea borobiltzeko, Uxue Alberdik berak asmatutako proiektuaren emanaldia izango da: Kafkaren aulkia. Oholtzan Andoni Egaña eta Maider Arregi bertsolari idazleak eta Pello Ramirez musikaria izango ditu lagun. Kafkaren aulkia ikuskizuna irekia izango da, herritar guztientzat.

  Txinparta bertso eskolako 5 lagunek osatu dute VIII. bertso paper lehiaketako epai mahaia. Aurten ere lan handia izan dutela aitortu dute, ikastetxeetan bertsolaritzaren inguruan egiten ari den lanaren ondorioz, lehiaketara aurkezten diren idatzien kalitatea handituz bait doa urtetik urtera. Baina hautaketa eginda dago eta  hauexek dira saritu direnak:
Lehen Hezkuntzakoen sailean: Lehenengo saria: Maider Molinero Larreak jasoko du; bigarrena, Hegoa Larrea Negeruelak; hirugarrena, Lide Arregi Markuletak; laugarrena, Garazi Uriarte Arregik eta bosgarrena, Nahia Blazquez Zelaiak. DBH- Batxilego sailean berriz, 1go saria Bittor Zubiagirrek eskuratuko du, bigarrena, Aitor Tatiegik eta hirugarrena, Haritz Olaetak. Kasu honetan, saririk gabe geratu den arren,  aipamen berezia egin nahi izan dio epai-mahaiak Malen Osak aurkeztutako lanari.

  Gaztelekuko VIII. bertso paper lehiaketako sari banaketa domekan egingo da Gaztelekuan bertan. 17:00etan hasiko da eta bertan partaide, esan bezala, Uxue Alberdi bertsolaria izango da.

Iturria: Oñati Irratia

Iazko lehiaketako saridunak