12 lagunek eman dute izena zaintza lanetan ari diren senideei zuzendutako ikastaroan

2017/10/16
Etzi hasiko den ikastaroan parte hartzeko lekua dago oraindik

  Senideren bat zaintzen ari direnei zuzendutako ikastaro honek hainbat helburu ditu: mendekotasun egoeran dauden edo bestelako ezintasunen bat duten pertsonen egungo eta etorkizuneko zaintza lanak planifikatzeko ezagutzak ematea; pertsona hauek izan dezaketen autonomia hondarrari behar bezalako garrantzia ematea; zaintza lanak antolatzeko eta hauek bizimodu pertsonalarekin bateragarriak egiteko gaitasun berriak barneratu, eta unean uneko beharrizanak betetzeko dituen laguntza eskaintzea eta emakume zaintzailearen enpoderamendua sustatu zaintza lanak beste batzuekin banatzeko gaitasuna landuz.
Beraz, ikastaroak iraungo dituen sei saioetan zaintza lanen antolaketaz, erizaintzaren inguruko hainbat gaiez, lana xamurtzen duten baliabideez edota zaintzaileak bere burua zaindu dezan teknika eta baliabideez arituko dira.

  Sendian programako ikastaroa etzi, asteazkenean hasiko da eta bi orduko sei saiotan osatuko da. Ikastaroa, urriaren 18 eta 24an, eta azaroaren 2, 7, 22 eta 24an 15:00tatik 17:00tara egingo da Bidebarrieta kaleko 18an dagoen Euskaldun berria gelan.

  12 lagunek dagoeneko izena eman dute baina lekua badago oraindik. Interesa duenak udaleko Gizarte Zerbitzuen departamentuan eman behar du izena, honako telefono zenbaki honetan: 943.037700.

Iturria: Oñati Irratia