12 etxebizitzatan su-detektagailu instalazio berriak egin zituen udalak iaz

2019/01/21
2019ko kanpainarako baldintzak onartu dira jada

  Pasa den abenduaren 20an egin ziren suteen aurkako detektagailuen errebisioak eta instalakuntza berriak. 2018ko kanpainan jaso ziren eskaera gehienak onartu ziren, bi izan ezik. Baztertu ziren bi kasuetan baldintzak ez ziren guztiz betetzen, eskatzailea 80 urtez azpiko beste pertsona batekin bizi zelako. Hala, 12 etxebizitzetan jarri ziren su detektagailu berriak. Gainera, aurrez jarrita zeuden beste 117 etxebizitzatan mantentze-lanak egin ziren. Instalazio eta mantentze lan horien kostua, guztira, 3.743 euro izan da.

  Udalak 5000 euroko partida gorde ohi du etxe partikularretan su detektagailuak jartzeko kanpainetarako. 2019rako ere halako poltsa dago. Iaz egindako lanen likidazioa osteguneko Gobernu Batzarrean onartu zen eta bide batez, 2019ko kanpainarako deialdia egitea ere erabaki zen. Oinarriak ez dira aldatuko, bakarrik edo beste lagun batekin bizi diren 80 urtetik gorako herritarrei zuzenduta dago. Edo gazteagoak izaki, mendekotasun, bakardade edo arrisku egoeran bizi direnek ere su detektagailua jartzeko udalaren laguntza eskuratu dezakete, baldin eta Ongizate batzordeak egingo duen balorazioan halako instalazioaren egokitasuna ondorioztatzen bada.

  2019ko kanpainarako deialdia egitea onartu bada ere, eskaerak aurkezteko epea ez da ireki oraindik, iragarkia ez baita argitaratu. Behin argitaratuta, urriaren 31ra arteko epea izango da eskaerak Ongizate zerbitzuan presentatzeko.

Iturria: Oñati Irratia