Oñatiko udala

1098 lagunek ikusi dute "La trinchera infinita" filma Oñatin

2019/11/06
Card image cap
Aitor Arregi zuzendariak azalpenak eman zituen hiru emanalditan eta ostegunekoan, udalaren errekonozimendua jaso zuen

  Arrakastatsua gertatu da Oñatin ere La trinchera infinita filma. Domu Santu jaieguna tarteko 9 emanalditan programatu zen eta gehienetan aretoa bete zen. Guztira, 1098 lagunek ikusi dute Aitor Arregik, Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako filma kultur etxeko aretoan. Moriarti etxearen beste ekoizpenetan egin bezala, oraingo honetan ere, Aitor Arregi herritarra aretora hurbildu zen filma zuzenean aurkeztera. Arregik gainera, udalaren errekonozimendua jaso zuen estreinaldiko emanaldian, ostegun gauean alegia.

  Hala ere, Arregi, Garaño eta Goenagak zuzendutako dramak ez du lortu Ocho apellidos vascos filmak 2014an jarri zuen ikusle errekorra apurtzerik. Ocho apellidos vascos filmak 1772 ikusle izan zituen gurean. Maila horretara iritsi gabe ere, La trinchera infinita Oñatiko filma ikusienen zerrendan agertuko da aurrerantzean, ez baita ohikoa, 1098 lagun biltzea. Herritarren harrera ona aurre ikusita, ohiko bost emanaldiez gain beste lau programatu ziren ostiral eta larunbat arratsaldea eta ostegun eta astelehen gauerako.

  2019.a euskal produkzioen urtea bihurtzen ari da gurean, eta halakoek, ikusle asko erakarri ohi dituzte. Urtea, esaterako, Dantza filma ikusten hasi genuen eta udako oporren aurretik, Soinujolearen semea filma ere pantailaratu zen. Azkenaldian, Oxigenoa euskarari, Agur Etxebeste eta aipatu La trinchera infinita izan ditugu. 

  Zine aretoa kultur etxean ireki zen urtetik, 2003tik, urtean filma ikusienen zerrenda osatzen da. Eta azpimarratzekoa da, Oñatin urteko filma ikusienen artean hainbat euskal produkzio daudela:  2003an, Julio Medemen La pelota vascak 1249 ikusle erakarri zituen eta  2005ean Aupa Etxebeste komediak 1118. 2006an ere euskal film bat izan zen ikusiena: Kutxidazu bidea Ixabel, 621 lagunekin eta 2015ean, Amama filmak 600 ikusle eraman zituen kultur etxeko zine aretora. 2014an gurean estreinatu zen Oskarretarako bidean izan zen Loreak pelikula. Hark ere ikusle asko eraman zituen aretora baina ez zen urteko  filme ikusiena izan, orain arteko errekorra duen Ocho apellidos vascos pelikula urte berean pantailaratu baitzen. Eta Moriarti taldearen Handiak berriz, 1090 ikusle izan zituen 2017an.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!