10 eskaera jaso dira jada gizarte zerbitzuen arloko elkarteei zuzendutako diru laguntzak eskatzeko

2016/03/17
Epea, bihar amaituko da

  Diru-laguntza hauek jaso ahal izateko, elkarteek, Oñatin nahiz eskualdean lan egiten duten irabazi asmorik gabeko talde direla egiaztatu behar dute. Eta herrialde mailan, Gipuzkoa mailan lan egiten dutenek berriz, Oñatitik jasotzen dituzten zerbitzu eskaerei erantzuten dietela.

  Gizarte zerbitzuen departamentuak bi jarduera mota babesten ditu diru-laguntza hauen bitartez: herrian garatzen diren ekintza konkretuak batetik: hitzaldiak, zabalkundeko kanpainak, formazio ikastaroak, aisialdi programak eta antzerako ekintzak ; eta erakundeko mantentze gastuen ordainketa, bestetik.

  Orain arte 10 elkarteren eskaerak jaso dira udal bulegoetan. Datozen orduetan dena den, kopurua handitzea espero da iaz 21 eskaera jaso baitziren, nahiz eta diru laguntza 18ri bakarrik eman zitzaien. Aurten azkenean zenbat aurkeztuko diren bihar 14.00tan jakingo dugu, orduan amaituko baita eskaerak egiteko epea. Eta laguntza zenbaiti emango zaien berriz, hartarako izendatzen den epai mahaia bildu eta eskaerak aztertuta, zehaztuta dauden baldintzak betetzen ote dituzten errebisatu ondoren erabakiko da. Aurten, gizarte zerbitzuen arloan diharduten elkarteei zuzenduta, 16.000 euroko diru partida du Udalak.

Iturria: Oñati Irratia