1.215.000 euro emango dizkio Oñatiko udalak Mankomunitateari 2020ko aurrekontuei aurre egiteko

2020/02/13
Udalen diru ekarpena % 4 jaso da aurten

  Urtarrilaren 28ko Gobernu Juntan onartu zuen Mankomunitateak 2020ko aurrekontua. Debagoienako mankomunitateak 9.835.000 euroko aurrekontua izango du aurten, iaz baino % 3 gutxiago. Aurrekontua gehiengo absolutuz onartu ziren, EH Bilduko zortzi ordezkariek eta Leintz Gatzagakoak alde bozkatu eta EAJkoak abstenitu baitziren.

  Debagoienako mankomunitatearen aurrekontuetan, Turismoko Plan Estrategikoa garatzeko 15.000 euroko partida jaso da. Hala, aurreko legealdian etengabe eskatutako plangintza gauzatze bidean jarri dutela azaldu du Maite Anton, mankomunitateko presidenteak. Hondakinen bilketaren inguruan berriz, edukiontzietan zer jasotzen den eta zertan hobetu daitekeen ikusteko 20.000 euro bideratuko dira. Horrekin lotuta, hondakinen murrizketa eta bereizketaren aldeko kontzientziazioa zabaltzeko beste 20.000 euro bideratuko dira.

  Bestelako egitasmoak ere jaso dira aurtengo aurrekontuetan: gizarte zerbitzuen eskualdeko mapa edo Deba ibaia garbi mantentzeko plangintzaren diseinua. Epeleko isurtegiarekin zer egin ere erabaki beharko dute mankomunitateko arduradunek aurten. Eskaintza batzuk ba omen daude mahai gainean eta horiek aztertu bitartean, azpiegituraren mantenu gastuak jaso dira aurrekontuetan.

  Eskualdeko erakunde honek eskaintzen dituen zerbitzuak ordaintzeko berau osatzen duten udalen diru ekarpena ezinbestekoa da. Aurrekontu orokorra jaitsi den arren, udalen ekarpenak gehitu egin dira % 4 handituz.

  Udalen ekarpena zehazterakoan zerbitzuen araberako irizpide ezberdinak erabiltzen dira. Irizpide orokorra biztanleen araberakoa da eta zerbitzu orokorretan, garapen agentzian, kirolean eta turismoan aplikatzen da. Beste zenbait ataletan aldiz, erabiltzaile kopuruaren arabera zehazten da udal bakoitzaren ekarpena. Herriko jarduera ekonomikoari ere begiratzen zaio hainbat zerbitzuren erabilera neurtzeko, herrian dauden industria eta merkatal lokalak kontutan hartzen baitira eta hauek dituzten langileen arabera mailakatzen dira. Aldagai guztiak neurtu eta kalkulatuta, Oñatiko udalak 1.214.690 euroko ekarpena egingo dio aurten Mankomunitateari, iaz baino % 3,9 gehiago. Gainontzeko udalen ekarpena ere jaso egin da, Gatzagagoa izan ezik, hau, iazko mailan mantenduko baita. Bergara, Elgeta eta Eskoriatzaren ekarpena, % 4aren gainekoa izango da, eta gainontzekoena, igoera orokor horren azpikoa.

Iturria: Oñati Irratia

Mankomunitateko EH Bilduko ordezkari taldea