1.205.068 € emango dizkio Udalak Mankomunitateari 2017ko aurrekontuei aurre egiteko

2017/01/09
Udalen diru ekarpena murriztu egingo da aurten

  Abenduaren 20ko Gobernu Juntan onartu zituen Mankomunitateak 2017ko aurrekontuak eta orain, jende agirian eta alegazioetarako epean daude. Debagoienako Mankomunitateak 12.092.321€ko aurrekontua onartu du, iaz baino % 11,75 handiagoa. Igoera hori ez ohiko bi inbertsioei dagozkie nagusiki: Epeleko egokitze lanak, batetik, eta argiteria publikoa berritzeko IDAE proiektua, bestetik. Epelen, egun erabiltzen den bigarren gelaxka edo zelda itxi egingo da uda aldean eta hori itxi eta hirugarrena gertatzeko obrak egin beharko dira. Epeleko inbertsioetarako milioi bat euroko partida gorde da Mankomunitateko aurrekontuetan. Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara eta Oñatiko udalek bestalde, argiteria publikoa berritzeko IDAE proiektu bateratua aurkeztu zuten Mankomunitatearen babesean. Horretarako, 1.719.560 €ko partida berezitu da. Ez ohiko bi inbertsio horiek kanpo utzita, 2017ko Mankomunitatearen aurrekontua iazkoa baino txikiagoa litzateke.

  Debagoienako Mankomunitateak 12.092.321€ko aurrekontua zehaztu du aurtengo. Eskualdeko erakunde honek eskaintzen dituen zerbitzuak ordaintzeko berau osatzen duten udalen diru ekarpena ezinbestekoa da. Aurrekontu orokorra igo bada ere, udalen ekarpenak behera egingo du aurten,  % 5,91 murriztuz.

  Udal ekarpenak zehazterakoan zerbitzuen araberako irizpide ezberdinak erabiltzen dira. Irizpide orokorra biztanleen araberakoa da eta irizpide orokor hau zerbitzu orokorretan, garapen agentzian, kirolean eta turismoan aplikatzen da. Beste zenbait ataletan aldiz, erabiltzaile kopuruaren arabera zehazten da udal bakoitzaren ekarpena. Herriko jarduera ekonomikoari ere begiratzen zaio hainbat zerbitzuren erabilera neurtzeko, herrian dauden industria eta merkatal lokalak kontutan hartzen baitira eta hauek dituzten langileen arabera mailakatzen dira. Aldagai guztiak neurtu eta kalkulatuta, Oñatiko Udalak 1.205.068 €ko ekarpena egingo dio aurten Mankomunitateari, iaz baino ia %5 gutxiago. Gainontzeko udalen ekarpena ere jaitsi egin da baina ez maila berean, Elgetak esaterako, murrizketa handiena izango du aurtengo ekarpena iazkoa baino %9 murritzagoa izaki eta Eskoriatzak, %7,26 murritzagoa.

Iturria: Oñati Irratia