Mezuak

Izaro Elorza-app

Lau urteko ibilbidea

Herrikide hori,

Dagoeneko heldu da legealdiaren bukaera. Ia lau urte igaro dira udaletxeko osoko bilkura aretoan herriaren alde lan egitea zin egin genuenetik. Eta horretan jardun dugu ordutik. Gorabeherez beteriko urteak izan dira, bai. Hainbaten artean, aurreikusi bariko egoera bati egin behar izan diogu aurre -batez ere, covid garaiak eragin zuen hori-, eta asmatu bariko formulak landu beharra izan dugu. Baina egin dugu, eta erreferente bihurtu gara zenbait alorretan.

Covid garaia akordura ekarriz, esaterako, 1. sektoreko ekoizleen azoka, kultur eskaintza zabala eta udaleku irekiak mantendu zituen herri bakarrenetakoa izan zen Oñati. Eta horrez gain, herriko komertzioen aldeko kanpaina berezia, bonu sistema, boluntario sarea, diru laguntza bereziak… jarri ziren martxan. Ez zen egoera atsegina izan, ez. Baina genituen baliabideak herritarren eskura jarriz, egoerari aurre egiteko konbikzioz jardun genuen. Eta, esan daiteke, ahaleginak eman zuela fruiturik. Bai, horixe.

Dena den, lau urteotan izan da covidaz apartekorik. Bagenituen abiarazi beharreko zenbait egitasmo; bukatu beharreko, beste hainbat; eta ostean proiektu bilakatuko ziratekeenak marrazten hasteko ilusioarekin ere bagenbiltzan. Eta halaxe egin dugu. Asko eta askotarikoak izan dira urte hauetan esku artean izan ditugun ekinbideak. Hor daude Onaro telekomunikazio operadorea, Oñatiko Energia Plana, Zubikoa kiroldegia, Natur Eskolaren eraberritzea, Araozko ostatua, herriko jolas guneen diagnostikoa, Emakumion Etxia, Nagusien Mahaia, Esperientzia Gela, zaintzaileendako formakuntza, Partaidetzazko Aurrekontuak, Herritarren parte-hartzea, lankidetza publiko-soziala eta irekiera instituzionala arautzeko udal ordenantza, eta abar, eta abar. Esan beharrik ez, lau urteotan, ilusioz eta gogoz jardun dugula esku artean izan dugun proiektu bakoitzarekin. Ezin zitekeen bestela izan.

Esan moduan, ilusioz eta gogoz jardun dugu, bai. Ilusioz eta gogoz, partaidetzan sinesten duen, berdinetik berdinerako harremanean diharduen, egoera zaurgarrian daudenak baztertuko ez dituen, herriaren alde jardungo duen… Oñati bat eraikitzen segitzeko. Eta, argi dugu, hori, herritarrekin batera besterik ezin daitekeela egin. Horregatik, era batera edo bestera, azken urteotan zuetako asko izan zaituztegu bidelagun. Zuek barik, herri hau ez litzateke gaur dena izango. Geldi legoke, dabilen herri izatetik urrun. Beraz, mila esker.

Eta ez naiz gehiago luzatuko. Eskerrak eman gura genizkizueke azken urteotan Udal honi babesa erakutsi diozuen guztioi, bidelagun zaretenoi, herriko ekintza eta dinamiketan parte hartzen duzuenoi, herria hobetzen jarraitzeko etenik bariko jardunean zabiltzatenoi, bide berdina urratzen segi gura duzuenoi… Mila esker, herrikide.

Besterik barik, era batera edo bestera, berriz ere bidean topo egiteko ilusioz agurtzen zaituztet.

Agur bat.

Izaro Elorza Arregi
Oñatiko alkatea