Zabalik dago garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzarako udal diru laguntzak eskatzeko epea

2017/03/17
Garapen bidean dauden herrialdeetan lankidetza proiektuak garatu, Oñatin sentsibilizazio ekintzak egin eta larrialdiko edo laguntza humanitarioko egitasmoak dira deialdian jaso diren hiru laguntza lerroak

  Guztira, 118.000 € gorde dira garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzarako diru laguntzetarako. Baina laguntza lerroak hiru dira eta bakoitzak diru partida jakin bat dauka. Eskaerak egiteko epeak ere berezi egin dira kasu bakoitzean.

  Garapen bidean dauden herrialdeetan lankidetza proiektuak garatzeko laguntzetara 90.000 € bideratuko ditu aurten Udalak. Diru laguntza horiek eskatzeko epea apirilaren 18an amaituko da. Nazioarteko lankidetzarako diru laguntzak emateko prozedura iaz berritu zen eta hiru aldaketa nagusi egin ziren: eskatzailearen egoitza nagusia edo legalki osatutako ordezkaritza Oñatin egon behar da; eskatzailea irabazi asmorik gabeko izaera juridikodun erakundea izan behar da eta eskaerak, hartarako gertatu diren inprimaki ofizialak erabiliz aurkeztu behar dira. Hiru aldaketa hauek eginda, garapenaren alde Udalak ematen dituen diru laguntzen jarraipena zuzenagoa izatea lortu nahi da. Diru laguntzak herrian egoitza duten elkarteei bideratuta aipatu jarraipen hori errazten dela pentsatu zen. Eskaera egiten duten erakundeek bestalde, lankidetza alorrean eskarmentua badutela egiaztatu behar dute, azken hiru urtetan egindako jardueren memoria aurkeztuta. Gainera, tokian tokiko bestaldeko erakunde edo kide bat izatea, hau da, proiektua gauzatzen den herrialdean, kontra-parte erakunde bat izatea eskatzen da. Eskaerak, Udalak horretarako prestatu dituen inprimaki ofizialak beteaz aurkeztu behar dira apirilaren 18a bitartean.

  Herrian, garapenerako sentsibilizazio edota hezkuntza jarduerak egiteko diru laguntzak ere eskatu daitezke jada, baina epea luzeagoa da kasu honetan, ekainaren 30a arte. Era honetako ekintzak bultzatu asmo ditu udalak, garapen bidean diren herrialdeekiko eta herritarrekiko elkartasuna eta kontzientzia sustatuz. Zentzu horretan, diru laguntzak banatzerakoan, hiru jarduera mota bereziki baloratuko dira:  herrialdeetako errealitate eta desberdintasunak sorrarazten eta iraunarazten dituzten kasuak hausnartzera bideratutako ekintzak; elkartasun eta lankidetza arloko formazio jarduerak eta gogoetarako eta esperientzien alderaketarako topaketa eta jardunaldiak. Diru laguntza hauetarako 5000 €ko partida gorde da.

  Azkenik, larrialdiko edota laguntza humanitarioko egitasmoak finantzatzeko diru laguntzetara 23.000 € bideratuko dira aurten. Ez usteko larrialdiak noiz nahi gerta daitezkeenez, eskaerak egiteko epea zabalik izango da azaroren 30a arte.
Larrialdirako laguntzez ari garelarik zera ulertu behar dugu, hondamendi batek eragindako pertsonen biziraupena bermatu edota hauen sufrimendua arintzeko premiazko eta berehala burutu beharreko egitasmoetara bideratutako laguntzak. Diru laguntza hauetan sartuko dira premiazko erreskate jarduerak, edateko ura, elikagaiak eta laguntza sanitarioa ematea, besteak beste. Ekintza humanitariotzat hartuko dira bestalde, gerra edo gatazka testuinguruan edota hondamendien ondoriozko egoerak arindu nahi dituzten egitasmoak, eta biktimen babesa eta beraien oinarrizko eskubideen defentsan gauzatzen diren egitasmoak. Hau da, errefuxiatuei eta desplazatuei luzaroko laguntza ematea, hur-hurreko krisialdiak arintzea eta hondamendi osteko hasierako birgaitze proiektuak.

Iturria: Oñati Irratia

Hotz Oñatik udalaren diru laguntza jaso zuen iaz