Udaleku irekietan begirale izateko izen-ematea gaur ireki da

2017/03/20
Izena udal bulegoetan eman behar da hilaren 30a bitartean

  Udaleku irekietan hezitzaile edo begirale gisa aritzeko oinarrizko lau baldintza bete behar dira: euskaraz ondo moldatzea, eskola graduatua izatea eta kontratazio egunean 18 urte beteta izatea. Aurten lehen aldiz gainera, sexu delitugileen erregistro zentraleko agiri negatiboa aurkeztea ere eskatuko da. Haurtzaro eta adoleszentziaren babeserako agiri hau Bilboko Elkano kalean dagoen lurraldeko gerentzian atera beharko dute hautagaiek.

  Aisialdi monitore gisa edota akademikoki duten formazioa eta lan-eskarmentua bereziki baloratuko dira. EGA edo pareko titulua izatea ere kontutan hartuko da. Puntuagarri diren meritu eta titulu guztien egiaztagiriak izena ematerakoan aurkeztu behar dira.

  Udalak, hautatzen diren begiraleei hilabeteko lan kontratua egingo die, uztailaren 1etik 31ra arte. Aurretik dena den, bi formazio saiotara joan beharko dute.  Prestakuntza saio horiek maiatzaren 13an eta ekainaren 3an egingo dira. Udalekuak, berriz, uztailaren 3tik 28ra izango dira aurten.

  Udalekuetarako begiraleen kontrataziorako informazioa, udaleko web atarian, www.oñati.eus atarian dago ikusgai. Udal bulegoetan ere eskuratu daiteke. Eta eskaera orriak, udal bulegoetan bertan aurkeztu behar dira martxoaren 30a bitartean.

Iturria: Oñati Irratia