Txinparta 1 taldeak Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketako bigarren fasea jokatuko du

2017/03/13
Card image cap
Txinparta 2 taldeak berriz, txartelik lortu ez baina ekimenean jarraituko du beste funtzio batzuk beteaz

  Pako tabernan atzo jokatu zen saioaz osatu da Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketako lehen itzulia. Otsailaren hasieran abiatu zen lehen fase honetan, 38 talde 12 multzotan banatuta aritu dira lehian eta multzo bakoitzetik talde bana sailkatu da bigarren faserako. Txinparta 1 taldeak bere bi saioetan puntu gehien lortuta, hurrengo faserako txartela eskuratu du. Txinparta 2 taldea berriz, txartelik gabe geratu da baina ekimenean jarraituko du bestelako funtzioak beteaz.

  Aste honetan zehar jakinaraziko da fase berrian arituko diren 12 taldeak lau multzotan nola bilduko diren . Lehen fasean bezala, binakako saioak jokatuko dituzte martxoaren 23tik apirilaren 9ra bitartean eta multzo bakoitzetik talde bat sailkatuko da finalaurrekoetarako.

  Gipuzkoako Herriartekoak egitura berezia dauka, talde bakoitza gutxienez sei lagunez osatzen baita, hiru bertsolari eta gai jartzaile, epaile eta arduradun bana. Oñatitik bi talde osatu ziren, gazteena eta beteranoena edo, esan genezakeena. Txinparta 1 beteranoenen taldea, Urko Egaña, Andoni Goitia eta Joseba Lasagabaster bertsolariek, Mirari Sagarzazu gai jartzaileak, Julen Iriondo epaileak eta Iñaki Olalde ordezkariak osatzen dute. Txinparta 2 taldea berriz, Gontzal Belategi, Urko Arregi eta Maider Arregi bertsolariek, Egoitz Atxaga gai jartzaileak, Beñat Alberdi epaileak eta Xabier Igartua ordezkariak.

  Txinparta 2 taldekoak Karidadeko Benta Zizurkil-Asteasuko taldearen aurka neurtu ziren atzo arratsaldean Pako tabernan. Saio horren grabazioa Oñati Irratiko KULTUR KAZETA irratsaioan eskainiko da ostegun arratsaldean. Multzoko hirugarren taldea berriz, Zarauzko Ran Roberan taldea izan da. Txinparta 1 taldekoek Oiartzungo Martzeliña eta Urretxu-Zumarragako Potoshop taldeak izan dituzte lehiakide. Biekin jokatutako saioak irabazita, bigarren faserako sailkapena lortu dute oñatiarrek.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!