Oñatiko udalak ia 147 mila euro gutxiago jasoko ditu Diputaziotik, foru funtsen likidazioaren arabera

2017/02/16
Urrian egin zen prebisioa okertu egin da

  Positiboak izan ziren aurreko bi urteetako joera apurtuz 2016aren likidazioa udalen kontrakoa izan da. Ondorioz, Gipuzkoako udalek 2016rako hitzeman zitzaiena baino diru gutxiago jasoko dute: 9,5 milioi euro gutxiago foru fondoen likidazio kontzeptuan. Hori iazko aurrekontuetan ezarritakoa baino % 2 gutxiago da.

  Urrian jada, aurre likidazioa egin zenean, diru bilketa prebisioak ez zirela betetzen ari jakinarazi zitzaien udal arduradunei eta azken kontu kitapena udalentzat negatiboa izan zitekela aurreratu zen. Baina orduan emandako kopuruak handitu egin dira, eta ondorioz, udalek, urrian esandakoa baino gehiago itzuli beharko diote Aldundiari. Arrazoia, BEZaren lurralde arteko doikuntzan dagoela azaldu du Markel Olano diputatu nagusiak. Orokorrean, 2016a urte ona izan dela esan du eta errenta, sozietate eta aberastasun kanpainak  positiboak izan direla, baina bilketa helburuak ez dira guztiz bete, bereziki BEZaren lurralde arteko doikuntzengatik.

  Oñatira etorrita, udalen finantzaketarako foru funtsetik 7.049.618 euro jasoko zuela agindu zen iaz, baina egin berri den azken likidazioaren arabera, 146.952 euro gutxiago jasoko ditu, hau da, aurre ikusitakoa baino % 2 gutxiago. Gipuzkoako Finantza Kontseiluaren urriko bileran jada 2017ko foru funtsaren aurrekontua azaldu zitzaien udal ordezkariei. Datu horien arabera, Oñatik, 7.194.868 euro jasoko ditu aurten. Diru hori urtean zehar banatzen diren lau ordainketetan jasotzen da eta urteko likidazioari dagokiona berriz, otsailaren 25ean jasoko dute. Oñatik, aurtengo foru fondoen lehen ordainketan ia 1,8 milioi euro jaso behar zituen baina horiei iazko likidazioari dagozkiona kenduko zaie.

  2007tik 2013ra bitartean, foru fondoen likidazioan udalek dirua itzuli behar izan zioten Diputazioari. Ondorengo bi urteetan, 2014 eta 2015ean, likidazioa udalen aldekoa izan zen baina iaz, joera positibo hori irauli zen eta udalek dirua bueltatu beharko dute berriro.

Iturria: Oñati Irratia