Oñatiko Ganbara Abesbatzak Musikasten parte hartuko du "Ez dok amairu" mugimendua omenduz

2016/05/26
Card image cap
Taldeak sortutako hamabi abesti abesbatzentzat moldatuta, kontzertua eskainiko da bihar Errenteriako parrokian

  Musikastek eta Donostia 2016ak elkar lanean osatu duten egitasmo honen helburua, belaunaldi gazteei orain 50 urte sortu zen Ez dok amairu mugimendua eta honen abestiak ezagutzeko aukera ematea da. Ez dok Amairu mugimendua Xabier Lete, Lourdes Iriondo, Benito Lertxundi, Julen Lekuona eta Jose Angel Irigaraik osatu zuten , besteak beste.

  Eresbil euskal musikaren artxiboak, Donostia 2016ren babesarekin, musikari horiek sortutako hamabi melodia aukeratu eta abesbatzentzat egokitu ditu. Moldaketak belaunaldi askotako musikagileek egin dituzte, hala nola, Jabi Bustok, Eva Ugaldek eta Josu Elberdinek. Hirurek harreman estua dute Oñatiko Ganbara Abesbatzarekin. Bihar berriz, egindako moldaketa lan hori aurkezteko kontzertua emango da. Lau abesbatzek parte hartuko dute: Oñatiko Ganbara abesbatzak eta  Durangoko Bogoroditsie, Errenteriako Landarbaso eta Nafarroako Ganbera Abesbatzak. 
Kontzertua, Errenteriako Fatimaren Parrokian izango da bihar, 20.00tan hasita.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!