Herriko ikastetxe publikoak ireki egingo dira bihar baina batzuetan ez da eskolarik emango

2017/03/21
Card image cap
Euskal irakaskuntza publikoan greba deitu dute biharko Steilas, ELA eta LAB sindikatuek

  Hezkuntzan ematen ari diren murrizketen kontra eta LOMCEa aplikatzearen aurka, euskal eskola publikoan greba deitu dute sektoreko hiru sindikatu nagusiek biharko. Deialdiak erantzun ezberdina izango du herriko  ikastetxe publikoetan. Txiki txoko haurreskolan normaltasunez arituko direla adierazi digute. Greba deialdiak apenas izan du babesik bertan eta hezitzaileren bat lanera joango ez bada ere, gainontzekoek normal lan egingo dutela esan digute. Urgain-Errekalden eta Zuazola-Larraña institutuan berriz, irakasleen gehiengoak greba egitea erabaki du. Baina legeak agintzen duena beteaz, bi ikastetxeak ireki egingo dira eta gutxieneko zerbitzuak beteko dira.

  Urgain-Errekalden ez da eskolarik ezta jangela zerbitzurik ere emango bihar. Halaxe jakinarazi zaie gurasoei. Dena den, haurren bat ikastetxera badoa atea zabalik izango du. Zuazola-Larraña institutuko langileek ere bihar greba egitea erabaki dute. Hala ere, zentroa irekita egongo da eta zenbait irakaslek eskolak emango dituzte. Errekalden izaten duten jangela zerbitzua ordea, ez da eskainiko eta arratsaldez egiten dituzten Hauspoa programako ekintzak ere ez dira izango. Hala jakinarazi zaie institutuko ikasleen gurasoei. Larrañan berriz, hainbat irakaslek arratsaldean zehar erabaki behar zuten bihar greba egin ala ez.

  Lan baldintzak hobetu, hezkuntza eraiki! lemapean deitu dute Steilas, ELA eta LAB sindikatuek biharko greba. Azken urteetako murrizketei aurre egin ahal izateko langile berriak kontratatzea, gaixotasun bajak lehenengo egunetik betetzea, ikasle ratioak berrikustea eta hezkuntzara zuzendutako aurrekontua igotzea eskatzen dute, besteak beste. Biharko greba deialdia irakasle eta hezitzaileei zuzenduta dago baina etzi ostegunerako, ikasleei zuzenduta beste greba deialdi bat egin du Ikasle Abertzaleak taldeak. Kasu honetan deialdia batxilergo eta unibertsitate mailara zabaldu da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!