Gazte lokalen jarduera legeztatzeko txosten teknikoak idazteko eta erantzukizun zibileko asegurua kontratatzeko udalaren diru laguntza eskatu ahal izango da

2017/01/27
Card image cap
Diru laguntza berri hauen oinarriak aho batez onartu ziren atzo

  40.000 euroko partida dago aurtengo aurrekontuetan gazte lokalak egokitzeko diru laguntzetarako. Bi gastu konkretu arintzeko eskatu ahal izango dira: lokalen jardueraren aurretiazko komunikazioekin aurkeztu behar diren txosten teknikoak idazteko eta erantzukizun zibileko asegurua egiteko. Eskatzaileak berriz, lokal jabeak edota erabiltzaile diren gazteak ere izan daitezke, baldin eta asegurua kontratatzeko bada.

  Aurretiazko komunikazioa egiteko beharrezkoa den txosten teknikoa idazteko diru laguntza, gastua erabat estaltzerainokoa  izan liteke, baina beti ere, 800 euroko mugarekin. Kasu honetan, 2017an aurkezten diren komunikazioetarako soilik eskatu ahal izango da. Udalaren diru laguntza eskuratzen duten lokal jabeek gainera, lokalaren jarduera gazte lokal gisa mantendu beharko dute gutxienez bi urtez. Erantzukizun zibileko asegurua egiteko diru laguntzak berriz, aseguru polizaren % 80raino estali dezakete, 300 euroko mugarekin.

  Abenduko Osoko bilkuran mahai gainean utzi ziren diru laguntza hauen oinarriak, aho batez onartu ziren atzo. Gazte lokalen jarduera legeztatzeko txosten teknikoa idatzi edota aseguruak kontratatzeko udal diru laguntzak eskatzeko, deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da. Behin hori eginda, laguntzak urte amaierara bitartean eskatu ahal izango dira, beti ere, gazte lokalen jardueraren aurretiazko komunikazioa aurkeztu eta gero.

  Gazteen aisiarako eta elkartzeko gune gisa erabiltzen diren lokalen  jarduera legeztatzeko epea 2017ko abenduaren 31ra arte luzatzea erabaki zen abenduko Osoko Bilkuran eta atzo berriz, legeztatze horretarako beharrezkoa izango den txosten teknikoa egiteko gastuak arintzera etorriko diren udal diru laguntzak onartu ziren.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!