Euskararen Nazioarteko Eguneko Adierazpena onartzea proposatuko da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2016/12/01
Card image cap
Lan zerrendan, euskararekin zer ikusia duten beste hainbat gai jaso dira

  HAKOBAk, Herri Aginteak Koordinatzeko Batzordeak Zer egin dezaket nik euskararen alde? izenburuko adierazpena onartu eta zabaldu du. Oñatiko Udalak, adierazpen horrekin bat egitea proposatuko da arratsaldeko batzarrean. Adierazpena, abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta osatu da eta horren inguruan, Oñatin, atzo hasi eta bihar bereziki izango diren ospakizunen berri ere emango da Tokiko Gobernu Batzarrean. Euskarazko produktuen katalogoa zabaltzearen inguruan ere galdetuko zaie gobernu taldea osatzen duten kideei.

  Euskara eta Hezkuntza Batzordearen eskutik, herriko ikastetxeei eta bertan diharduten guraso elkarteei eman ohi zaizkien diru laguntzen gaia ere eztabaidatuko da arratsaldean. 2015-2016 ikasturteko diru laguntzen likidazioa eginda, bigarren zatia ordaintzea proposatuko da. Helduen Heziketarako Eskolari ere diru laguntza ematea aztertuko da, besteak beste.

  Diru laguntzekin jarraituz, Kirol Batzordearen eskutik, Udalak eta Aloña Mendi elkartearen arteko 2016ko lankidetza hitzarmenaren diru laguntzaren likidazio proposamena aurkeztuko da eta Olakuako jolas gunearen inguruan hesia jartzeko proposamena ere bai. Lana egiteko aurrekontua eskatu da eta horren berri emango zaie gobernu taldeko kideei.

  Azaroan bestalde, herriko haurrei zuzendutako hainbat zerbitzuren kudeaketa esleipenera ateratzea erabaki zen. Konkretuki, bertakotze programa, ludoteka eta udaleku irekiak dira esleipenera atera asmo direnak. Prozesua luzatzen ari da eta ondorioz, egun aipatu zerbitzuak kudeatzen dituen Txatxilipurdi enpresarekin kontratua luzatzea proposatuko da. Haurrek erabiltzen dituzten hainbat lokalen garbiketa esleipenera ateratzea ere azalduko da arratsaldeko bileran.

  Lan zerrendan, 33 gai jaso dira.
 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!