"Eskolako bidean" argazki lehiaketa antolatu da 7 eta 14 urte bitartekoei zuzenduta

2016/02/09
Card image cap
Eskolako bidean zer gustatzen zait? eta zer ez? irudi bidez azaltzea eskatzen da

Eskolako bidean proiektuaren helburua mugikortasun jasangarria sustatzea da, haurren autonomian eta osasunean eraginez, aldi berean. Egitasmoan, herritarren partaidetza ezinbestekoa da, haurren eguneroko joan-etorriak modu autonomo eta seguruan egiteko bitartekoak jarriz, hirigintza aldetik izan daitezkeen oztopoak kenduz eta bide segurtasuneko arauak beteaz. Baina haurren ikuspegia eta somatzen dituzten zailtasunak ezagutzea oso garrantzitsua da. Horretarako argazki lehiaketa asmatu da. Haurrei argazkitan, eskolarako bidean gustatzen zaiena edota gustatzen ez zaiena irudikatzea eskatzen zaie. Horrela, bidean zeharkatzen duten espazio publikoaz duten pertzepzioa azaleratuko dute eta seguruenik, helduen zenbait jokabide oker ere auzitan jarriko dituzte. Helduek haurren ikuspuntu hori ezagutu eta hausnartu dezaten gainera, jasotako argazkiekin erakusketa jarriko da Kultur Etxean.

  Eskolako bidean zer gustatzen zait? Zer ez? lehiaketa honetan, 7 eta 14 urte bitarteko haur eta gaztetxoek parte hartu dezakete. Bakoitzak, bi argazki aurkeztu ahal izango ditu gehienez. Argazkiak, izenburua jarrita, honako  helbide elektroniko honetara bidali behar dira: oinatieskolabidea@gmail.com Argazkiekin batera egilearen izen abizenak, adina eta harremanetarako telefono zenbakia bidali beharko dira. Lanak aurkezteko azken eguna martxoaren 4an izango da eta jasotako argazki guztiekin erakusketa egingo da martxoaren 14tik 18ra Kultur Etxean. Bi sari ere banatuko dira, LH1-LH4 adin tartekoen artean bat eta LH5-DBH2koen artean bestea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!