Boluntarioak behar ditu Hotz Oñati taldeak produktu bilketa egiteko

2017/03/20
Card image cap
Martxoaren 30etik apirilaren 1era errefuxiatuentzako material bilketa egingo da herriko denda eta botiketan

  Elikagai dendetan eskuratu daitezkeen kontserba latak eta lekale edo pasta ez ezik, zauri txikiak zaindu eta haur nahiz helduentzako produktu bereziak bildu asmo dira. Horregatik, bilketa, Eroski, BM, Dia, San Migel Kooperatiba eta Errekaldeko dendan eta herriko farmazietan egingo da datorren astean.

  Eroskin, denda handiena izaki, bilketa presentziala egingo du Hotz Oñatik eta horretarako boluntarioak behar dira. Laguntzeko gertu daudenei mezua honako helbidera bidaltzea eskatzen zaie: hotzonati@gmail.com. Hotz Oñatik hiru egunez luzatuko du produktu bilketa hau, martxoaren 30etik apirilaren 1era. Hiru egun horietan ahalik eta lan txanda motzenak egin ahal izateko, laguntzaile talde zabala osatu asmo da. Horregatik, boluntarioei deia.

  Herritarrei zuzenduta berriz, batu asmo diren produktuen zerrenda osatu dute eta kalean jarri diren kartelen bidez azaldu dute. Epe luzean mantendu daitezkeen jakiak, higiene produktuak eta zauri txikiak zaintzeko materiala da: txerrikirik ez duten eta erraz ireki daitezkeen kontserba latak, arroza, pasta, dilistak, garbantzuak eta babarrunak, tiritak, bendak, iodoa, ur oxigenatua, konpresak, haur eta helduentzako painalak, toallita umelak, biberoiak, txupeteak eta esne hautsa. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!