24 taldek parte hartuko dute Arazerixan! ginkanan

2016/02/05
Card image cap
Astean egin beharreko lehen ariketa 18.00tan aurkeztuko zaie Gaztelekuan

  Herri curriculum-a edo Oñatiko kultur ondarearen transmisioa lantzeko egitasmoa da Arazerixan!. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduta, 3 eta 6 partaide arteko 24 taldek eman dute izena. Hasierako erantzuna  oso ona izan da.

  Gaur hasiko da Arazerixan! ginkana eta datozen bost asteetan proba ezberdinak proposatu eta osatu beharko dituzte partaideek. Egin beharreko ariketa edo proba bakoitzaren aurkezpena ostiral arratsaldetan, 18.00tan egingo dira Gaztelekuan eta horretarako, talde edo kolektibo ezberdinetan diharduten erreferentziazko herritarrak gonbidatuko dira. Astean zehar egin beharreko 5 proba izango dira guztira eta emaitzak, www.arazerixan.eus  atarian zintzilikatuz joango dira.

  Probetan, herriko txokoak, bitxikeriak, historia, berba edo kultura modu dibertigarrian landu eta bide batez ikasteko bidea emango zaie gaztetxoei. Helburua horixe baita, herri curriculum-a edo Oñatiko kultur ondarearen transmisioa modu ludiko batean egitea. Horretarako, Udalak, Topagunearen lankidetza bilatu du proiektua garatzeko. Gaur Oñatin hasiko den ginkana honen moduko esperientzia Bizkaian, Txorierri eskualdean arrakastaz frogratu zuten. Gurean, gaztetxoek Gaztelekuko hezitzaileen laguntza izango dute.

  Arazerixan! ginkanako azken proba martxoaren 5ean aurkeztuko da eta martxoaren 18an berriz azken jaia egingo da partaide guztiekin. Amaierara iristen diren talde guztiek elkarrekin partekatuko duten saria irabaziko dute eta puntuazio altuena lortu duen taldeak beste sari berezi bat. Partaidetza eta jarraikortasuna da bereziki sarituko dena.
Arazerixan ibilttia Oñatin bazterrak endredaitten ibilttia da eta horixe eskatuko zaie hilabete eta erdiz partaide diren neska mutikoei.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!