2017ko aurrekontuetarako herritarrek egindako ekarpenak eskertu ditu EAJko udal taldeak

2016/11/28
Card image cap
Jasotako proposamenak aztertuta, egokienak aurrekontuetan txertatzea eskatuko dute

  Urrian ekin zion EAJk aurrekontuetarako herritarren proposamenak jasotzeari. Ekimen horren helburua, 2017ko aurrekontuetan oñatiarren egungo kezka, nahi, eskaera eta behar zehatzei erantzun ahal izatea da. Buzoia jarri zuten Batzokian, helbide elektroniko bat eta sare sozialetan kontuak aktibatu zituzten eta hainbat eragilerekin bilerak egin zituzten. Horien bitartez herritar zein eragileen iritzi eta proposamen ugari jaso eta ezagutu ditu udal taldeak. Orain, guztiak aztertzen ari dira, bakoitzaren premia eta gauzatze mailaren araberako lehentasunak zehazteko. Hala, batzuk abenduan aurkeztuko dituen aurrekontuetarako proposamenetan txertatuko ditu eta besteak urtean zehar udal batzar ezberdinetan aurkezteko gordeko dituela jakinarazi du prentsa ohar bidez.

  Jeltzaleek herritarren ekarpen guztiak eskertu nahi dituzte eta aurrekontu garai honetatik haratago, harremanetarako bitartekoek aurrerantzean ere martxan jarraituko dutela jakinarazi dute.  Horrela, herritarren proposamenak edozein momentutan helarazi ahal izango dira. Era berean, herritarren ekarpen eta kezkak udalera eramaten, oñatiarren zerbitzura, orain arte bezala lanean jarraituko dutela azpimarratu dute jeltzaleek.

  Abenduko Osoko Bilkuran aztertuko dira datorren urteko udal aurrekontuak. Aurrez, aste honetan bertan, gobernu taldeak bere proposamena helaraziko dio EAJri. Herritarrengandik jasotako ekarpenak eta bere ekimenez proposatutakoak 2017ko aurrekontuetan txertatzen saiatuko dira jeltzaleak. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!